Zure oihuak olatu bati hasiera eman dio eta gehiengo batek Ziru txalotzen du. Hiri Bakarra AAk hitza hartzen du.

Ados esaten du lasaitasunez arrazoi duzue. Hiri Bakarraren balioak dira Lurra Planetan zabaldu nahi ditugunak, eta zailki egingo dugu hauen kontra eginez hasten bagara. Garbi dago lehen milakoa ondo aukeratu dugula, bai horixe. Mila esker guztioi.

Zirraraz beteriko txalo zaparrada batek hartzen du anfiteatroa eta Ziruk eskerrak ematen dizkizu irribarre batekin.

Txaloek indarra galtzean, bakoitzaren bizilekurako bidea hartzeko eskatzen dizue hologramak. Lanean hasteko ordua omen da. Eserlekutik altxatzean, pasilloan gora igarotzen da korrika bagoitik ateratzean jo zintuen pertsona berbera. Muri iruditu zaizu lehen kolpean, “Ez da posible”. Oihu egin diozu baina jendartean galdu da. Ezinezkoa dela erabaki eta egokitu zaizun bizilekua zein den begiratzen hasi zara anfiteatro kanpoan agertu den errealitate handituz irudikatutako mapan. “Iupiiii!” entzun duzu zure alboan. Ledi da.

Badirudi erabakitze-unitatea gure familia ere izango dela esaten dizu pozik Hemen ere elkarrekin jarri gaituzte! Bura eta Ziru iristen dira zuen albora. Badirudi elkar ezagutzen jarraitzeko beta izango duzuela.

Etxera iristean, kolonia berriaren norabidea zehazteko galdetegi bat bete behar duzuela jakinarazten zaizue. Bakoitza bere gelan sartu eta galdetegia erantzuteari ekiten diozue.