Libre dagoen eserlekuan esertzen zara. Parean Bura duzu. Hortzen zuriaz itsutzen zaituen irribarre harroputz batekin agurtzen zaitu. Taldean onartu izan bazintu moduan sentitzen zara, taldean inor onartzeko botererik ez duela konturatzen zaren bitartean, “Hori karisma!”. Alboan, Ledi du, irribarre urduri batekin agurtzen zaitu begirada saihesten dizun bitartean. Alboan, leihotik begira, Ziru duzu. Pentsakor dirudi eta ez da mugitu ere egin zu agurtzeko.

Ba badirudi taldea osatu dugula! dio Burak konfiantzaz

Egun on, bai! esaten duzu nahi zenuena baino emozio gehiagorekin. Ledik bere irribarre urduriarekin erantzuten dizu beste behin.

Zaila izango da mila pertsonako talde bat gobernatzea hasten da Bura aurretik prestatua izatearen itxura ematen diozun diskurtso batekin Hainbeste jenderekin tarteko erabakitze-guneak beharko dira eta horrek asko luzatuko du guztia esaten du arduratuta Nik uste, errazena, talde bakoitzean lider bat aukeratzea izango dela. Lider horrek, taldea ordezkatuko luke hurrengo mailan, eta maila berri horretan ere, lider bat aukeratuko litzateke hurrengo mailarako. 

Ledik kezka adierazten du irribarre babuz. Ez dirudi segurtasun handirik duenik, baina hala ere, hitza hartzen du. 

Ez al luke hobeto funtzionatuko lider hori ordezkari bat balitz? galdetzen du zalantzati Hau da, taldean erabakitakoa eramango luke hurrengo mailara eta gauza berbera egingo lukete piramidearen gailurrera iritsi arte. Horrela guztion iritzia hartuko litzateke kontuan. 

Ledi gaizki epaitu duzula konturatzen zara, ez du segurtasunik iradokitzen, baina pertsona bizkorra da. Burak ez dio azken esaldia amaitzen uzten. 

Frogatua dago hori denbora galtze bat besterik ez dela erantzuten dio Burak etorkortasunez Hain talde handi bat kudeatzeak erantzun azkarrak eskatzen ditu. Bizi dugun mundu ezezagun eta arriskutsu baten birkolonizazio testuinguruan, erantzun azkarrak beharko ditugu. Edozei kontu nimiño guztion artean erabakitzen hasteak misioaren porrota suposatu dezake. Eraginkorrena pertsona gaituena aukeratu eta honek askatasunez erabakitzea da.

Mespretxu barre batek apurtzen du Buraren hitzaldia. Ziru izan da. Begirada leihotik altxatu eta hizketan hasten da.

Eta gure liderra izango den pertsona gaitu hori zu izango zinateke, ezta?

Burari barre deseroso batek egiten dio ihes baiezkoa erantzuten amaitzeko. 

Zuk proposatzen duzun sistemarekin, pertsona bakar batek bilduko luke botere guztia botatzen dio Ziruk gogor eta hori, historiak erakutsi digun moduan, ez da sekula ondo amaitu Bura zurbil geratu da Nik ez dut liderretan sinesten. Gauzak erabakitzeko modurik osasuntsuena asanblea da. Modu horretan, inork ez du albokoak baino botere gehiago pilatzen. Pertsona bat, bozka bat. Inork ez du beste inork baino gehiago balio. Are gutxiago auzo altuetako harroputz batek.

Erabat txundituta utzi zaitu, indar berezia du. Babu aurpegiarekin geratzen zara berari begira eta harrapatu egiten zaitu. Burak hitzik gabe jarraitzen du, baina azkar berrindartu, eta kontraerasoa abiatzen du.

Ados, bada! esaten du zure harridurarako Orduan, guztion artean erabakiko dugu lider bat behar ote dugun edo ez, ados? botatzen du irribarre gaiztoz, “Hau ere ez da tentela…”.

Burak eskua altxatzen du bera alde dagoela esateko, Ledi zalantzan dabil gainontzekoek zer egingo duten esperoan. Ziruk bera kontra dagoela adierazten du irmotasunez. Ledik lehen aldiz begietara begiratzen zaitu erabaki baten zain.