Korrika abiatzen zara Murirengana. Ez dakizu oso ondo zergatik hartu duzun erabaki hau. Are gehiago, ez dakizu zer egingo duzun beregana iristean. Metro batera duzunean, ordea, jauzi egin eta bere gainera botatzen zara. Lurretik zilipurdika hasten zarete eta geratzean iEar belarritakoa apurtu zaizula konturatzen zara. Muriren kidea hizketan ari da baina ez diozu ulertzen, uneko itzultzailerik gabe geratu zara. Atzera kontuak aurrera darrai: 4…

Bat-batean, Ziru agertzen da zure  begirada parean eta bigarren matxinoarekin norgehiagokan ikusten duzu. Hauek ere lurrera erori eta zilipurdika hasten dira eszenatokitik erori arte. 3… Muri hizketan ari zaizu baina ez diozu ezer ulertzen, ez duzu sekula hizkuntza hori entzun. Itzultzailerik gabe geratu zarela konturatu dela ulertzen duzu barrez eta iseka dirudiena eginez hasten zaizunean. 2… Ez dakizu zer egin eta Ziru entzuten duzu zure izena oihukatzen. Belarritakoa erakusten diozu hatzarekin ulertzen ez diozula jakin dezan, baina berdin-berdin egiten du oihu. 1…

Sakatu botoi gorria! Garaiz gaude leherketa geratzeko!

“Euskaraz ari da! Euskalduna da!”, halakorik posible izateko zein probabilitate zegoen pentsatzen duzun bitartean terminalera gerturatzen zara. Murik ezin du sinetsi gertatu berri dena eta izoztuta geratu da zure alboan.