Bagoitik ateratzean ezin duzu ikusten ari zarena sinetsi ere egin. Lehen aldia da Hiri Bakarretik kanpo zaudela, eta nahiz eta argazki eta bideoetan ikusia zenuen, liluraturik geratu zara Lurraren edertasunarekin. Gehienera, muturretik bi metrora pareta bat izatera ohituta hazi zara. Orain, ordea, irakurria zenuen, baina orain arte zer zen ulertu ere ezin zenuen ortzi-muga da zure ametsen muga bakarra. Naturak gizakiak aro zaharrean eraikitakoa hartu du eta belar eta goroldioz estalitako geltoki moduko batean zaudetela konturatzen zara. Bagoi guztiak zabaldu dira eta jende mordoa dago kanpoan. Norbait korrika igarotzen da zure aldamenetik eta bultz egiten dizu, ezaguna egin zaizu, “Ez, ez da posible”

Errealitate handituko seinaleek eraikin batera bideratzen zaituzte dagoeneko ezagun egiten zaizkizun gezi erraldoien bidez. Halako batean, oihuak entzuten dituzue atzealdean, izua nagusitzen da bidaiarien artean. iEar belarritakotik lasaitasuna mantentzeko mezua jasotzen duzue. Bagoi batean norbait erail dutela entzuten diozu zuen albotik igarotzen den bati, “Zer?”.

Eraikinera sartzean anfiteatro eder batekin topatzen zara. Ziru zu baino aurrerago doa eta keinu bat egiten dizu eserleku libre batzuk erakutsiz.