Murirengandik urruntzen jarraitzen duzu distantzia batera izan arte.
—Muri, nahikoa da —erregutzen dio Ziruk— Oraindik garaiz da atzera egiteko. Pertsona bakarra akabatu duzue, konponduko dugu, “Nola konpontzen da hori?”.
Murik barre batekin erantzuten du. Pistola bota duen izkinara begiratzen du damututa.
—Hiru gara, Muri —ohartzen du Ziruk— Ez nuke nahi, baina irtenbide okerra hartuko bazenu ere, ez duzu aukera handirik.
Murik begirada jaisten du une horretan, pentsakor dago, “Zalantza egiten ari da? Hala izan dadila, mesedez!”. Amaiera on batekin ametsetan hasi zarenean, ordea, begirada altxatzen du Murik. Irribarre gaizto bat du ahoan.
—Hori da zuk uste duzuna.
Esaldia amaitu bezain pronto, Ziruren kideak hau lepotik hartu eta borrokan hasten dira, “Nola? Bera ere bai?”. Murik, barrez hasi, eta eskua altxatzen du. Mehatxatzaile begiratzen zaitu eta eskua jaisten du kolpean. Terminal erdian dagoen botoi gorri bat sakatu du. Zarata ikaragarri bat entzuten duzu eta atzera kontu bat haste da. 5…