Muri tiro egiteko prest dago, baina une horretan bertan bagoiko atea zabaltzen da. Zumarrek, ihes egiteko aukera ikusi eta oihuka hasten da laguntza eske. Murik birao egin eta ihes egitea erabakitzen du Zumarri bizitza barkatuz. Ez dakizu oso ondo zer egin eta bere atzetik joatea erabakitzen duzu.
Zumarren oihuek jendearen arreta erakarri dute eta istilua jende artean galtzeko baliatzen duzue. Oihuak atzean uzten dituzuen bitartean, lehen aldiz Hiri Bakarretik kanpo zaudela konturatzen zara. Nahiz eta argazki eta bideoetan ikusia zenuen, liluraturik geratu zara Lurraren edertasunarekin. Gehienera, muturretik bi metrora pareta bat izatera ohituta hazi zara. Orain, ordea, irakurria zenuen, baina orain arte zer zen ulertu ere ezin zenuen ortzi-muga da zure ametsen muga bakarra. Naturak hartutako eta belar zein goroldioz estalitako eraikuntza multzo batean zaudetela ikusten duzu. Errealitate handituak, gailurrean kokatzen den eraikinera joateko adierazten dizue gezi erraldoi batzuen bidez.