Bagoian sartu eta bertan topatzen dituzue zuen bagoi-kideak. Elkarren alboan daude eserita, eta atetik gertuen dagoena, izugarrizko txapa sartzen ari zaio leihoaren ondoan dagoenari. Beraiek ere paparretan etiketa bana dute eta hurrenez hurren, Urre eta Zumar izena dutela irakurtzen duzu.
Zuen lekua hartu eta Zumarrek laguntza eskatzen dizue begiradarekin. Urre ez da konturatu ere egiten laguna erabat gogaitua duela. Nahikoa du Hiri Bakarreko eremu ezberdinen ezaugarri bitxiak zerrendatzen jarraitzearekin.
—Eta zuek? Nongoak zarete? —galdetzen dizue Zumar bakean utziz—.
Zumarrek sakon arnasten du Urre gainetik kentzean. Zu, ordea, izerditan hasten zara. Zotinka hasi zara, baina Murik salbatzen zaitu, “Ezki! Demontre!”.
—Ba ni Atlantida eremukoa naiz, nahiko maila altukoa, 8.20 —erantzuten dio ziurtasuna eta harrotasuna uztartuz—.
—Hara! Eremu interesgarria. Oso oker ez banago, Atlantida eremuan dago maila altuenean dagoen euri-ur lakua, ezta?
Zure izerdia tantaka erortzetik ur-jauzi bilakatzera igarotzen da, “Laku hori betetzeko moduan ia…”.
—Hala da bai! —erantzuten dio urduri Murik, “Ezkik, ostia!”— Hesperis izena du. Leku zoragarria da.
—Ziur hala dela —erantzuten dio Urrek— Eta zu? Nondik zatoz? —galdetzen dizu zuri— Eta barkatu… —begiratzen zaitu nahiko zenukeena baino atentzio gehiagoz— Izena? Ez dut ondo irakurtzen hemendik.
—Ezki! —erantzuten diozu kolpean Muriren muturra iluntzen den artean— Ez! Muri! – sartzen duzu hanka barrurago— Legaz! —esaten duzu partidako azken unean gol bat sartu izan bazenu moduan—.
—Lasai ni ere urduri nago… Mundu Berria! —esaten du erabat gogoberotuta— Eta? Nondik zatoz orduan?
—Prusia Berri eremutik —erantzuten diozu lasaitasuna berreskuratuz. Murik onarpen keinuz begiratzen zaitu.
—Hara! Izana naiz —lasaitasunak agur esan eta izerdi ur-jauziak besarkatzen zaitu berriz— Bada zerbait berezia eremu horretan… —bere buruan zerbaiten bila dabil pentsakor— Mariatxi jaialdi bat ospatzen da urtero, ezta? —galdetzen du konbentzimendu handirik gabe—.
—Bai, bai, bai… —erantzuten diozu izerdia kamiseta kolorez aldatzen ari zaizula konturatzen zaren bitartean—.
Muri ere ez dago eroso egoerarekin eta eskua gerrian sartzen duela ikusten duzu.
—Nola? —galdetzen du Urrek akats bat izan duela onartuz— Ez, ez, ez. Ez da Mariatxi jaialdi bat, Polka jaialdi bat da!
—Bai, bai, bai… —erantzuten diozu berriz zer esan ez dakizula—.
—Aizu… —esaten du Urrek susmatzen hasiz— Ziur Prusia Berrikoa zarela? —zure urduritasunaz ohartzen hasi eta ate alboan dagoen alarmari begira hasten da. Guztia amaitu dela pentsatzen hasi zarenean, Murik oihu egiten du—.
—Heldu ezazu! —agintzen dizu—.