Ez dakizu oso ondo zergatik, baina berarekin geratu zara. “Baina… eta orain, zer?”.
—Ez damutzea espero dut —hasi zara zezelka— Hiri Bakarrari abisatu beharko nioke nire plaza libre geratu dela… —pentsakor geratzen zara une batez— Beste norbaitek ordezkatu beharko nau!
—Ezta pentsatu ere —mozten zaitu Murik— Espedizioarekin bat egin behar dugu, goazen geltokira derrepentean!
Zur eta lur geratzen zara entzun berri duzunarekin, “Burua galdu du?”. Zure lekuan geratzen zara zer egin ez dakizula, eta Murik azalpen bat behar duzula ulertzen du, kostata bada ere.
—Nirekin etorri behar duzu, birkolonizazioa geratu behar dugu.
—Nola? Baina zer ari zara esaten? —galdetzen diozu erabat galduta— Zergatik ez zara hortik hasi?
—Zure konpromiso osoa nuela jakin behar nuen gure misioa azaldu aurretik?
—Misioa? Bueno, bueno, bueno… Zu burutik zaude!
—Itzulera Handiaren aurka dagoen talde bateko kide naiz. Susmatuko zenuela pentsatzen nuen.
Azalpen gehiago eskatzen dizkiozu desesperazio keinuz.
—Birkolonizazioa geratzeko, lehen milakoaren parte izan behar dugu. —kontatzen dizu azkenean—.
—Ni banintzen dagoeneko! —botatzen duzu haserre—.
—Ez, ezin dugu gure benetako identitateekin bidaiatu. Lider gorenak bi eserleku gorde dizkigu lehen milakoan infiltratu gaitezen.
—Lider Gorena? —galdetzen duzu istorioa gehiegi konplikatzen hasi dela pentsatuz—.
—Hau oso handia da, egin kasu —esaten dizu eskutik helduz— Lurra Planeta salbatu behar dugu.
Orain arte sentitu duzun erresistentzia interes bilakatu da bat-batean. Murik hizketan jarraitzen du.
—Birkolonizazioaren helburua herri subiranotasuna gizakiari itzultzea da, eta hori, planetaren hondamendia izango da, beste behin —oso ongi hitz egiten du Murik eta arrazoi duela pentsatzen hasten zara— Beti berdina gertatzen da. Hasieran, jendea eta bere partehartzea erabat beharrezkoak dira sistema justu bat eraikitzeko. Hori dela eta, demokraziaren handitasunarekin betetzen zaigu ahoa. Pixkanaka, ordea, jendeak ez du erabaki guztietan parte hartzeko gogo edo denborarik izango. Hori dela eta, alderdi politikoak sortuko ditugu, norberak ez, baina antzera pentsatzen dutenen ordezkaritza batek ordezkatu gaitzan. Amaierarako, ordea, alderdi horiek bizitza propioa hartuko dute, eta hauek, alderdiak sortu zituzten pertsonak ahaztuko dituzte alderdiaren biziraupenerako aparatuak lehenetsiz. —“Bai horixe, zeinen ongi azaldu duen!”—.
Konbentzitu zaitu, arrazoi osoa du, historian behin eta berriz gertatu da, eta beste behin ere gertatuko da.
—Eta nola konpondu dezakegu hori? —galdetzen diozu.
—Ba bi aukera daude…