Atzera kontua geratzea lortu duzu. Badirudi amesgaiztoa amaitu dela eta lasaitasunez hartzen duzu arnas. Tamalez, oker zabiltza, “Berriz”. Anfiteatroa dardarka hasten da eta Hiri Bakarraren holograma agertzen da eszenatokian.
—Garbi geratzen da beste behin, gauzak ondo egitea nahi badut nik neuk egin behar ditudala —esaten dizue asperduraz—.
Guztiok izoztuta geratu zarete hologramari begira.
—Zein AA jainkotiar klase izango nintzateke misio guztia gizaki batzuek sakatu dezaketen botoi batera baldintzatuko banu?
Ez dakizu zer egin eta badirudi gainontzekoak ere egoera berdinean daudela.
—Hiri Bakarra da gizateriarentzat lekurik egokiena, eta gauzak bere horretan jarraitu dezaten, Kolonia Berriak desagertu egin behar du. Mila esker, eta agur.
Badirudi amesgaiztoa okerrera doala, eta azkenean, egunean zehar hamaika aldiz iskin egin ostean, heriotzak leherketa erraldoi baten moduan harrapatu zaituela. Bat-batean, ordea, Murik metalezko barra bat hartzen du terminalera korrika zuzentzeko. Hiri Bakarrak gelditzeko eskatzen dio, baina Murik barra terminalaren zirkuituetan sartzen du jauzi batean. Deskarga elektriko izugarrii bat jasotzen du, eta terminala itzali egiten da. Holograma desagertu da. Ziru eta biok Murirengana joaten zarete korrika bere kideak anfiteatrotik ihes egiten duen bitartean.
Gorpura iristean, bere alboan makurtzen zarete. Berandu da, hilik dago.
—Mila esker, Muri —esaten dio Ziruk eskutik helduz—.
Zuk ere laztan bat egiten diozu Muriri. Negarrez hasi eta elkar besarkatzen zarete.