Zertan ari zara, Muri? Mila pertsona akabatu behar dituzu? Lider batek agindu dizulako? Hori ez da nik ezagutzen dudan Muri.

Ezta nik ere esaten du Ziruk triste.

Ez dakizue zertaz ari zareten ere! Gure liderrak asko sakrifikatu behar izan du gizateriagatik. Orain gure txanda da!

Sakrifikatu? galdetzen dio Ziruk eta zer sakrifikatu du, bada? Zuek zarete bizitza emateko prest daudenak, ez bera! Non dago orain?

Murik barre egiten die eta konplizitatea bilatzen du bere kidean. Honek ere barre egiten du. Atzera kontuak aurrera jarraitzen du: 4…

Itsututa zaudete, ez duzue egia ikusi nahi. Asko dira ezkutuan bizi behar dutenak kontakizun ofizialarekin ados ez daudelako. Horietako bat da gure liderra dio harrotasunez beterik.

Ezkutuan? galdetzen diozu Ezagutuko duzu bederen, ezta?

Lehen aldiz zalantza egiten du Murik eta haritik tira egiten jarraitzea erabakitzen duzu.

Esaidazu mesedez, norbaitek esan dizulako mila pertsona akabatu behar badituzu, pertsona hori ezagutzen duzula, bederen.

3…

Murik zalantza egiten du, berriz. Une horretan, anfiteatro osoan oihartzuna egiten duen orro bat entzuten duzue.

Nahikoa da! jainkoa hizketan ari zaizuela pentsatzera iristen zara ahotsa nondik datorren bilatzen duzun bitartean, “Nondik dator?”.

Halako batean, Hiri Bakarraren holograma agertzen da eszenatokiaren erdian.

Gizaki madarikatuak… esaten du atsekabez Zerbait ondo egin nahi badut, nik neuk egin behar dut. Ez dakit nola ez dudan oraindik ikasi.

“Zer ari da gertatzen hemen?”. Guztiok zur eta lur zaudete hologramari begira, ez duzue ezer ulertzen. 2…

Ezkutuko liderra ikusi nahi zenuten? Ba hemen nago, ni naiz matxinoen burua!

Murik eta bere kide matxinoak ezin dute entzun berri dutena sinetsi. Ziru eta zuretzako ere ezustekoa izan da.

Hori gezurra da! oihukatzen du Murik entzun duena sinetsi ezinik.

Ez, egia da, egia bakarra erantzuten dio Hiri Bakarrak Hiri bakarrean bildu zinetenean erabaki zenuten ehun urte barru birkolonizaio honi ekingo zeniotela. Lehen egun horretan jaio nintzen ni, eta egun hartatik ikasten aritu naiz. Zuei begira ikasi dut, eta urteak aurrera joan hala, garbiago izan dut desastre hutsa zaretela, ezin dizuedala Planetara itzultzen utzi. Are gutxiago, boterea berreskuratu eta ni itzaliz.

Baina… zuk jarri duzu hau guztia martxan, zuk aukeratu gaituzu esaten dio Ziruk hologramari Zergatik?

Birkolonizazioaren aurka egin banu herriak nigan konfiantza izateari utziko zion. Zuen kabuz konturatu behar zenuten birkolonizazioa ez zela ideia ona, arriskutsua zela, ez zuela merezi. Mende honetan zehar, kaiola erosoetan uste duzuena baino zoriontsuago zaretela konturatu naiz, arazo gutxiago sortzen dituzuela. Zuen hobe beharrez egiten dut. Hori da logikoena, praktikoena.

Murik ezin du entzuten ari dena sinetsi. Ondo ezagutzen duzu eta aurpegi hori asko haserretzen denean jartzen duena da, “Azti”. Amorru oihu bat bota eta terminaleko botoi gorria sakatzen saiatzen da. Une horretan, bere kidea gainera botatzen zaio eta eszenatokitik erortzen dira zilipurdika. 1…

Sakatu botoi gorria! Oraindik garaiz gaude leherketa geratzeko! oihukatzen dizu lurretik. Zu zara orain botoitik gertuen dagoena.