Erantzuna amaitu bezain pronto, hiruen arteko eztabaida bat hasten da hitza hartzeko. Bat-batean, zuen belarritakoak kantuan hasten dira aldi berean eta eztabaida bertan behera geratzen da, oraingoz. Hiri Bakarra AAren mezu bat da. Segurtasun kamerek bildutako irudietan ikusi dutenez, bi hildakoekin batera bidaiatzen zuten bi pertsonak ez ziren eserlekuen berezko jabeak. Hori dela eta, birkolonizazioaren aurkako talde terrorista bateko kide izan daitezkeela ondorioztatu dute. Edozein pista edo laguntza ongietorria izango dela jakinarazten dizuete, “Muri? Nola heldu zara honaino?”.
—Nola egon daiteke norbait birkolonizazioaren aurka? —Galdetu du Ledik ulertu ezinik—.
—Badira birkolonizazioa eta mundu berria gezur hutsa direla esaten dutenak —erantzuten du Ziruk— Batzuen ustez, Hiri Bakarra AAk eta bere eskuek bere boterea betikotzeko asmatutako antzerki bat besterik ez da.
—Bai, nik ere irakurri dut zerbait horren inguruan —aitortzen dizue Burak— Guk, ordea, badakigu hori gezurra dela, ezta? —Itauntzen zaituzte arduratuta— Begira, hemen gaude, jatorri, ideologia eta klase ezberdineko lau aukeratu, elkarrekin. Mundu berria nolakoa izango den erabakitzen.
Baiezko keinuarekin erantzuten dute Ziru eta Ledik. Burak lasaitasun asperen batekin eskertzen die. Zuk, ordea, beste zerbait duzu buruan, “Edo norbait”.
—Badira beste arrazoi batzuk ere… —hasten zara— Batzuen ustez, bere garaian egin genuen moduan, Lurra Planeta suntsitzen amaituko dugu oraingoan ere. Nahi duten bakarra, gizateriak Hiri Bakarrean jarraitzea da. Ekologistak dira, ez terroristak —gehiago ez kontatzea erabakitzen duzu—.
Zure informazioak pentsakor utzi ditu hirurak.
—Gure laguntza ongi etorria izango dela esan dute —botatzen du Ziruk motibazioz lepo— Ikertzera joan beharko ginateke!
Bura eta Ledik ez dute ezer jakin nahi. Erailketa bat ikertzea herrizaingoaren ardura da, ez lau inuxenterena.
—Utzi tontakeriak eta utzi profesionalei lan egiten —itxi nahi du eztabaida Burak. Ledik ere ezezko keinuarekin erantzuten dio Ziruri—.
—Eta zuk? Lagunduko didazu? —Galdetzen dizu Ziruk erreguka—.