—Begira, Mac —hasi zara esaten—, badakit oraintxe bertan ez duzuela CQIaren puntu sistema erabiltzen, baina ezagutu ezagutzen duzue, ezta?
Mac-ek baietz dio buruarekin, nora iritsi nahi duzun ondo jakin gabe.
—Ondo… —diozu zure ahots sakonena jartzen saiatzen—. Bada, ziur nago urte hauetan guztietan ez duzula inoiz 0 puntu dituen inor ezagutu. Ez dizut kontatuko nola iritsi naizen honaino, baina agian nire 0 puntuek lagunduko dizute konturatzen zergatik komeni zaizun nirekin ondo konpontzea.
Mac-ek serio begiratzen dizu eta, bat-batean, ezerezetik bezala, barre algaraz hasten da.
—Jajajajaja… Harrigarria, harrigarria —dio baietz egiten buruarekin—. Ez nuen uste horietakoa zinenik. Dirudienez, uste nuena baino gauza gehiago ditugu amankomunean. Beti dator ondo zu bezalako norbait edukitzea gure artean.
Egia esanda, zure helburua bera beldurtzea zen, baina zure diskurtsoari esker Mac-en sinpatia lortu duzu. Arratsaldea elkarrekin pasa ondoren, diru apur batekin laguntzeko eskaintza eta dena egin dizu. Ez da asko, eta beraz, erabaki beharko duzu familiari gutun bat bidali edo datozen egunetarako janaria erosi nahi duzun.