20 minutu pasatxo barru, zure emaztea bere lantokitik jaso duen Toyota Yaris diskretu baten atzeko atea ireki duzu, aireporturako norabidea duena.
Kopilotuak, 20 urte eskas dituen gazteak, zuen geolokalizatzaileak berehala deskonektatzeko eskatu dizue. 90 minutu dituzue poliziaren abisua aktibatu baino lehen.
Badakizu postuari uko egin ondoren, Mei Li izango dela hurrengo alkatea bigarren CQI onena izateagatik. Zure bikotekidearen eskua estutzen duzu, eta buruari bueltak eta bueltak ematen igarotzen duzu ibilbide guztia.
«Zergatik dauka Mei Lik horrenbesteko interesa boterera iristeko? Zer egingo du iristen denean? Nola lortu du azpisuge horrek algoritmoa saihestea hain CQI ona edukita? Nondik dator diru kopuru hau guztia?».
—Ei, zuek, ilargian ala? Li-k agindu dit honaino ekartzeko eta giltza hauek emateko. Hiriko gune esklusibo bat da hau, seguru egongo zarete bertan. Polizia ez da inoiz hona etortzen eta jet-setean integratu ahalko zarete, CQI ona duzue eta ez zaizue zaila egingo… Zuen piura ikusita hala ere, nork daki… Zer zabiltzate? Autotik jaitsiko al zarete behingoz?