LoveOne holograma moduan ireki duzu. Zure sofa aurreko alfonbran gorpuzten dira profil ezberdinak. Azken eguneraketarekin, gainera, pertsonen usaina ere hauteman dezakezu, erabiltzaileek hala nahi badute. Zuk zeuk oraindik ez duzu zure usaina parametrizatu profilera igotzeko, nahiago duzu apur bat itxaron nola funtzionatzen duen ikusi arte.
Profilei begira eta begira zaude, baina ez daukazu batere argi. Egiaz, ez dakizu zeren bila zabiltzan ere, ze motatako harremana nahi duzun. Aspaldian ez duzu harreman intimoetarako tarterik bilatu, ase sentitzen baitzara zure oraingo harreman sarearekin. Iraganean esperientzia kaskar samarrak izan dituzu harremanen munduan, agian teknologiaren laguntzarik gabe gertatu zirelako. Arrazoi du Hestiak, zerbait gehiago ondo etorriko litzaizuke. Baina zer? Hobe duzu lehenbizi hori argitu, itsu-itsuan ibili baino.
LoveOne-i eskatu diozu laguntzeko. Galdetegi bati erantzun ondoren, aukeraketa optimizatu bat erakutsiko dizu.