Etxera iritsi zara, zure gotorlekura. Babes Ofizialeko gazteentzako apartamentu adimendu batean bizi zara zu bakarrik. Unibertsitateko ikasketak egitera etorri zinen hirira, zure senideengandik urruti (zentzu askotan), eta etxebizitza duin bat lortu ahal izateko, Gobernuaren programa batean eman zenuen izena. Programa honi esker, zure datuekin ordaindu dezakezu alokairuaren prezio murriztuaren zati bat. Izan ere, Gobernuak gazteen bizimoduaren datuak behar ditu, eta gazteek emantzipatzeko aukera. Tratu ona iruditzen zaizu. Datu zehatz batzuk soilik ematen dituzu, ez gauza intimoegirik. 

Etxera sartzean Hestiak ongietorria eman dizu bere ahots goxoarekin, bazkaria prest duzula esan dizu eta teknologiaren besarkada sentitu duzu. 

Zure lanari esker teknologia adimendunak zure eta gizateriaren onerako erabiltzen ikasi duzula iruditzen zaizu. Ez zaizu han ikusten dituzun pazienteei bezala gertatuko, teknologiak ez zaitu suntsituko. Smart Depression deitzen den hori zaurgarritasun mota zehatz bat dutenei soilik gertatzen zaie, ez zuri. Gizaki eta adimen artifizialak elkarlanean egiten ari diren azken ikerketak irakurri dituzu, zaurgarritasun hori zein den zehaztu eta nola prebenitu daitekeen aztertzen dutenak. Ez dago oraindik erantzun erabatekorik, baina sintomak oso ondo ezagutzen dira, eta zuk ez duzu inoiz horietako bat ere sentitu.

Bazkaldu eta sofan etzan zara. Argiztapen lasaigarria jarri du Hestiak, izpiliku eta berbena limoiusain lurrina zabaldu du, musika sortu eta jarri dizu. Paradisuan zaude. 

«Zure emozio eta bizi-adierazleen sentsoreen arabera isolamendurako arriskua maila altuan dago», dio Hestiak. «LoveOne erabiltzeko une egokian zaude, ireki nahi duzu?».