Urduri begiratzen duzu ingurura, Bobbi agertu zain. Eserleku batzuk aurrerago norbait altxatu eta zure aldera hurbildu da. Irribarre egiten dizu, bera da. 

   —Kaixo, ni naiz Bobbi.

Lehenengo inpresioa ona da. Jatorra dirudi, zerako zera karismatiko moduko bat dauka. Zure ondoan esertzeko esaten diozu.

   —Tira, beraz 4tik 5 bihotz, e? Jakin daiteke nor izan den bihotz bat kendu dizun kabroia? —galdetu diozu irribarre batez.

   —Jaja… Bueno, agian sekulako artaburua naiz, nork daki —umorea badauka behintzat, ondo goaz—. Egia esan, hau egiten dudan lehenengo aldia da. Normalean nahiago dut elkarrizketa digitaletan babestu…

   —Niretzat ere lehenengo aldia da. 

Solasean jarraitu duzue luze, bere geltokian jaitsi den arte. Elkarrizketa atsegina izan duzue, erraz konektatu duzue elkarrekin. Gogoz zaude asteburuan berarekin berriz geratzeko, bere hurbiltasuna sentitzeko. Kontzertu birtual areagotu batera joango zarete, zuk aukeratutako musikariekin.