Kontzertua izugarria izan da, Noa, Alex eta hirurak beste dimentsio batean egon zarete, musika barruraino sartuta. Mozkorraldi estetikoak jota atera zarete, seko hunkituta.
Hurrengo egunean Noa eta Alexekin geratu zara berriro. AMC (Airplane Mode Coffee) batera joan zarete, beti bezala. Unibertsitatean ezagutu zenuten elkar, eta zure familia dira orain.
Teknologiak harremanetan nola laguntzen duen aztertzen ibili zarete. Noarentzat ezinbestekoa da algoritmoen laguntza harreman intimoetan, bizitzako beste edozein arlotan bezala. Produktibitatea laguntzeko app eta gailuekin alderatzen du. «Harremanak lana dira, azken finean» dio. «Denbora kudeatu behar da, informazioaren joan etorri eraginkorra, akordioak… ordu pila bat eta estres pila bat. Zergatik ez onartu laguntza apur bat?». Alexek ordea ez dauka hain argi. Azken aldian Erresistentzia Digitalari buruz ikertzen ibili da Alex, eta aitortu du inbidia pixka bat ematen diola modu naturalean bizitzearen kontu horrek. «Korporazio handien esanetara bizi gara, kontrol fantasia baten truke» bota du. «Kontrolatuta gaude, eta geroz eta isolatuago». Noa eta zu harrituta geratu zarete baieztapen irmo hauek Alexen ahotik entzunda. Normalean ez da hain erradikala.
Mundua analizatzen jarraitu duzue, esamesak errepasatu eta arinkerietan galdu zarete barre algara artean. Maite dituzu zure lagunak. Pozik iritsi zara etxera. Ohean sartu zarenean, ordea, Alexek esandakoei bueltaka hasi zara. “Kontrola” eta “isolamendua” hitzak errepikatzen dituzu zure baitan. Sentsazio arraro batek hartu dizu gorputza. Tristura moduko bat sentitzen duzu, eta beldur bizia. Nahastuta zaude. Ez duzu inoiz honelakorik sentitu. Susmo txarra hartu diozu, ezin duzu lorik egin. Ordenagailua hartu duzu, eta: