Minutu batean konfiguratu dituzue parametroak eta elkarren jakinarazpenak iritsi bezain laster onartu dituzue. Muxuetan galtzen zarete, musikak besarkatuta. 

Halako batean, eskumuturrekoak bibratu egiten dizu: geratzeko seinalea da. Antza, gailuak detektatu du Bobbi ez dagoela guztiz konbentzituta egiten ari denarekin. 

   —Barkatu, ez dakit oso ondo zer… zergatik… —dio Bobbik nahastuta.

   —Lasai, dena ondo, benetan.

   —Ez baina gustura nago, ez dut ulertzen zergatik… paradisuan nengoen eta!

   —Bai? Ziur?

   —Baietz esango nuke… baina orain zalantza sartu zait…

   —Egin dudan zerbait izan da? Esan dudan zerbait?

   —Ez, ez dakit.

   —…

   —…

   —Bueno, hurrengo baterako utziko dugu, zer iruditzen?

   —Bai, hobe izango da. Sentitzen dut benetan…

Etxera joan zara, nahiko zapuztuta. Ez duzu ulertzen zer gertatu den. Haserretuta zaude. Batzuetan teknologian konfiantza itsuegia duzuela iruditzen zaizu. Ez legoke gaizki noizbehinka gorputzaren seinaleak entzuten ikasiko bagenu, laostia.