GAUA BOBBIREKIN PASA DUZU

Gaua elkarrekin pasa duzue Bobbik eta zuk, zure etxean. Oso ondo ulertu duzue elkar, maila fisiko eta emozionalean. Consentinel-ek ez du ezer arrarorik antzeman, eta une batean ahaztu ere egin zaizu tutoretza teknologiko horren mende zeundetela ere. Adimen artifizialak gure bizitzak goxatzeko sortu direla argi duzu une honetan, ez gu kontrolatzeko, ez isolatzeko. 

Eguna argitzen ari du, eguzki izpiak sartzen ari dira logelan eta zure ohean zaude pertsona eder bati besarkatuta. Eskertuta sentitzen zara bizitzarekin. 

Jakinarazpen bat iritsi da zure gailura: 

«Consentinel-en bidez azken 24 ordutan jasotako hurrengo datuak gobernuari bidaliko zaizkio modu anonimoan, gazteen emantzipazio programaren baldintzen baitan: Adierazle fisiologiko eta endokrinoak (arnasketa, tentsioa, hormonen maila…), Adierazle sexualak (eszitazio maila, orgasmo kopurua…), Adierazle emozionalak (segurtasuna, konfiantza, irekitasuna, atxikimendua…)».

Baztertu egin duzu jakinarazpena. Bost axola zaizu zure datuen erabilera oraintxe. Gora datuen ustiaketa, gora adimen artifizialak eta gora hau dena sortu duten zorioneko frikiak.