Hiriko kaleetatik jarraitu diozu. Ez ditu bide argienak aukeratzen eta bere mugimenduetan sumatzen da hiria bere-berea egina daukala. Minutu batzuez oinez arin ibili ondoren, eraikin abandonatu bat dirudiena babesten duen hesi batera iritsi zarete. Gizon bizardunak ezker eta eskuinera begiratzen du eta, ondoren, zuhaixka baten adarrak alde batera eginda agerian uzten du zulo bat hesian. Zuloa seinalatzen du igaro zaitezen, eta hala egiten duzu.

Behin eraikinean sartuta, Fran-ek (bere izena hori dela jakin duzu) beste lau pertsona aurkezten dizkizu. “Aliatu berri” bezala aurkezten zaitu, eta ondo ez dakizun arren zertaz ari den, primeran iruditzen zaizu. Euren arteko tratua ikusita, konfiantzazko etxekotasuna sumatzen duzu.