Asteburua hala moduz pasa duzu. Hestiari laguntza eskatu diozu urduritasuna apaltzeko, eta bainu lasaigarri bat prestatu dizu. Pentsamenduekin ez obsesionatzeko gomendatu dizu, gorputzaren sentsazioetan jartzeko arreta.

Astelehenean lanera bidean paisaiari begira eman duzu bidaia osoa, pentsakor. Zerbaitek krak egin du zure barnean, baina ez dakizu zer den. Zure buruari aitortu diozu beldur zarela zure guraso biologikoei gertatu zitzaiena zuri ere gertatzea: Smart Depression-ak jota bizitzen jarraitu nahi ez izatea. Teknologiaren erabilera egokia eta kontrolatua giltza zela uste zenuen zuri hori ez gertatzeko, baina zer da egokia? Nork neurtzen du? Hari horretatik tiraka zalantzan jartzen hasi zara irakurri dituzun ikerketen baliozkotasuna, zentroan egiten dituzuen tratamenduen oinarriak… dena.

Egun horretan, “Erresistentzia Digitala” bilaketa egin duzu lehenengo aldiz. Ez dago informazio askorik. Aste guztia eman duzu zalantzetan murgilduta.. 

Jo-k mezuak idazten dizkizu egunero, eta zuk berandu eta hoztasunez erantzuten diozu. Ez dakizu nola azaldu gertatzen ari zaizuna. Zerbait antzematen du berak, noski. Ondo zauden galdetzen dizu, ea espazioa behar duzun, edo hitz egin, edo… Ez dakizu zer erantzun.