Jende samalda anfiteatroan esertzen da modu ordenatuan. Zuek ere gauza berbera egiten duzue, “Nahikoa arreta eman dugu dagoeneko…”. Oso urduri zaude eta lasaitasuna iradokitzea zaila egiten zaizu. Albora begiratu, eta Muri zu bezala dagoela konturatzen zara, “Beretzat ere esperientzia gogorra izan da, jota dago”.
Halako batean, Anfiteatroaren erdian Hiri Bakarra AAren holograma agertzen da. Irudi geometrikoz osatutako laino modukoak ongietorria ematen dizue, jarraian, kolonia berria nolakoa den azaltzen duen bideo bat erakusteko. Bideoari arreta eskaintzen badiozu ere, inguruan duzun jendeari ere begiratzen diozu tarteka. Zu erabat izututa zaude, baina inguruko aurpegiek beste emozio batzuk irudikatzen dituzte. Erabat hunkituta daude eta une historiko bat bizitzen ari zaretela konturatzen zara, “Zertan ari naiz?”.
—Lehen milakoa zarete, aukeratuak! —esan du Hiri Bakarra AAk handitasunez— Hemendik aurrera, zuek erabaki beharko duzue nola antolatu. Zuen esku dago mundu berria! Zer eta nolakoa izan behar duen. Hiri Bakarra, estuasun eta larrialdi garai batean gizateria gidatzeko misioa zuen entitatea besterik ez da. Iritsi da, gizakia bere bidearen jabe izatera itzultzeko ordua. Hurrengo hilabeteetan, esplorazio eta ustiatze lanak hasten dituzuen bitartean, gizateria antolatzeko sistemarik egokiena erabaki beharko duzue.
Azalpenak amaitzean, azken uneko ohartarazpen bat jasotzen duzue belarritakotik. Pertsona bat erail dute bagoietako batean. Errudun edo errudunak topatzea da helburu nagusia orain. Hori dela eta, jakinarazten zaizue ez duzuela mugimendu askatasunik izango guztia argitu arte. Lanen abiatzea eta antolaketa berria eperik gabe atzeratzen da. Bakoitza bere gelan egon beharko da ikerlariek lana amaitu arte, “Kaka, gureak egin du…”.
Marmar handi bat entzuten da anfiteatroan. Erabakia zalantzan jartzen duten ahotsak entzuten dituzu. Beste batzuek, aldiz, isildu eta neurria onartzeko eskatzen dute. Halako batean, aukeratuetako batek hartzen du hitza ahots ozenez. Atzera begiratzen duzue bere bila, eta hizlaria topatzean, Murik jauzi bat eman duela konturatzen zara.
—Ez da bidezkoa! —anfiteatro osoaren arreta eskuratu du hizlariak— Ez dago halako neurririk hartzeko arrazoirik. Modu kolektiboan zaindu behar dugu elkar, horrek izan behar du bidea. Ezin dugu lehen egunetik beldurrak gidatu gaitzan utzi, gizateriaren etorkizuna dago jokoan! Zein da halako zerbait erabakitzeko irizpidea? Ba al da askatasuna baino garrantzitsuagorik? —“Gure bizitza!”, oihukatzen du norbaitek lehen lerroetatik— Eta zer balio dute gure bizitzek gureak ez badira? —erantzuten dio— Zein aurrekari ezarriko genuke kolonia berriaren lehen egunean? Gure lana kolonia berria martxan jartzea da, eta neurri honek prozesu guztia atzeratuko luke. Garrantzitsuena taldeak izan behar du, eta taldeak berak topatuko ditu errudunak gizarte berria martxan jartzen duen bitartean —onarpen marmar jendetsu batek hartzen du anfiteatroa— Nor dago nirekin? —galdetzen du motibazioz lepo eta oihuka.
Hasieran isiltasuna nagusitzen da anfiteatroan, baina bat-batean, aldeko oihu indartsu bat entzuten da. Oihu bakarra talde oihu bilakatzen da apurka.
—Ados —esaten du lasaitasunez Hiri Bakarra AAk— arrazoi duzue. Hiri Bakarraren balioak dira Lurra Planetan zabaldu nahi ditugunak, eta zailki egingo dugu hauen kontra eginez hasten bagara. Garbi dago lehen milakoa ondo aukeratu dugula, bai horixe. Mila esker guztioi.
Jendea altxatzen hasten da eta Murik keinu bat egiten dizu berekin joateko. Eszenatokiaren azpira eramaten zaitu eta bertan ezkutatzen zarete anfiteatroa hustu arte. Halako batean, belarritakoetatik inkesta bat betetzeko deialdia jasotzen duzue.
—Orain? —galdetzen duzu zure kolkorako— Zer egin behar dugu orain, Muri? Zertan ari gara? –galdetzen diozu erabat etsita—.
—Misioa amaitu behar dugu. Hala ere, lehendabizi inkestak bete beharko genituzke. Ez badugu egiten infiltratuak gu garela kausituko dute. Orduan bai akabo.
—Eta zer erantzun behar dut inkestan? —galdetzen diozu izu ataketik gertu—.