Alarmak jo du eta jauzi batean esnatu zara, “Gaurkoa egun garrantzitsua da”. Morroitronak, ohikoa duen moduan, goizeko albistegia jarri dizu etxeko soinu-harian. Ez duzu esaten duten ezer ulertzen eta iEar belarritakoa jartzen duzu ohetik altxatu ere egin gabe. Bluebrain bidez zure garunera konektatzen da eta irratian hizketan ari den teknokrataren ahotsa euskaraz entzuten hasten zara itzulpen automatikoari esker. Lehen milakoaz eta ordu gutxi barru abiatuko duzuen bidaiaz ari da. Errealitate handituan Emmanuelle Charpentier geltokian prest dagoen bagoi magnetiko samalda ikusten duzu, “Horietako batean utziko dut Hiri Bakarra gaur”.
Pozik zaude, aztoratuta, baina baita arduratuta ere. Bizitza osoan ezagutu duzuna utzi eta galderak besterik sortzen ez dizkizun mundu berri batera abiatzeko atarian zaude. Ohore handia da lehen milakorako aukeratua izana, baina ardura handia ere bada. Une batez, gonbiteari baiezkoarekin erantzun izanaz damutzen zara, “Baita zera ere!”. Ohetik altxatu, dutxa bat hartu eta abenturari ekiteko prestatzen zara. Zure familian pentsatzen duzu, “Zein harro dauden…”. Hala ere, faltan botako dituzu. Beraiek, eta… baita Muri ere. Bai, faltan botako duzu, eta okerragoa dena, sekula ez duzu jakingo berak ere zuk maite duzun moduan maite zaituen. Agian, milako batzuk barru, bera ere kolonia berrian agertuko denaren ideiarekin amesten hasten zara, baina badakizu ezinezkoa dela. Muri birkolonizazioaren aurka dago, eta zurekin erabat haserre dago gainera lehen milakoaren parte izatea onartu duzulako.
Motxila hartu, zure gela utzi eta kalera irteten zara. Atearen beste aldean Muri duzu zain. Izoztuta geratzen zara zer esan jakin gabe.
—Egun on… —agurtzen zaitu lotsatuta. Ez da gai begietara begiratzeko ere—.
—Egun on, —erantzuten diozu. Pozik zaude bera ikusteaz— Mila esker agurtzera etortzeagatik, asko suposatzen du niretzat zure haserrea ahaztu eta hemen egoteak.
Esaldia amaitu bezain pronto, erabat aldatu da Muriren aldartea. Lotsatuta egotetik haserre egotera igaro da. Sutan dago.
—Zer agurtu eta zer kristo! Ez naiz agurtzera etorri, zu konbentzitzera baizik! —tonua lasaitu eta eskutik heltzen zaitu goxo— Ezin zara joan, planeta babestu behar dugu. Ia suntsitu genuen behin, eta berriz egingo dugu, badakizu.
Ez zenuen halakorik espero. Zer esan ez dakizula utzi zaitu, “Badu botere hori nigan…”. Isiltasun luze bati egin diozue lekua, eta hau baliatuz, uneoro gertuago duzula somatzen duzu. Konturatzerako, bere ezpainek zureak hartu dituzte sekula eman dizuten musurik ederrenean.
—Ez joan, mesedez —Esaten dizu begiak loratzen zaizkion artean—.