Iritsi da Itzulera Handia martxan jartzeko eguna, eta lehen milakoa prest dago birkolonizazioari ekiteko. Urduri daude, guztiak. Bai lehen milakoaren parte direnak, eta baita lehen milakoaren parte ez direnak ere. Duela lau urte hil zen Lurra Planeta ezagutu zuen azken lurtarra, eta artxibo digital zein holo-memorien bidez informazioa jaso badute ere, hasiera batean etxera itzultze baten moduan pentsatu zena, mundu ezezagun baterako bidaia bilakatu da Hiri Bakarreko biztanleentzat.
Horrek sortutako ezinegona gutxi balitz, gizateria antolatzeko sistema berri bat ere garatu beharko dute birkolonizatzaileek. Praktikotasuna eta eraginkortasuna helburu, Hiri Bakarra, izen berdineko AAk gidatu du ehun urtez teknokrata talde baten laguntzarekin. Asmoa, Lurrera itzultzean gizakiek boterea berreskuratu eta teknokrazia atzean uztea da. AA bera izan zen estrategia proposatu eta gidatu zuena. Lurra birkolonizatu eta Hiri Bakarra hustean, itzali egingo da, betiko.
Talde anitza da lehen milakoa osatzen duena. Kultura, klase, jakintza zein trebetasun aldetik. Mundu berria eraikitzen hasteko arduradunak dira, eta ez dira hala nola aukeratuak izan. Ohore handia da aukeratuentzat, baita zuretzat ere. Aukeratuetako bat zara, lehen milakoaren parte.