ITZULERA HANDIA

Erabakia hartuta dago. Murik arrazoi du. Gizakia ez da aldatu. Nahiz eta helburu zintzoak izan, gizateriaren berezko izaera gailenduko da azkenean. Lurra Planetarekin amaituko duzue, eta oraingo honetan, agian, betiko izango da. Zer da lehen milakoa sakrifikatzea, trukean gizateria salbatzen baduzue? Gainera, orain arte egin duzuen guztiak zerbaitetarako balio behar du, “Ezingo nuke kontrakoa jasan…”

Buru keinu batekin berekin zaudela jakinarazten diozu Muriri. Une horretan, korrika hasten da Ziru. Zuzenean doa Muriren aurka. Ez dizu ezer egiteko astirik ematen eta zure paretik igarotzen da abiadura bizian. Konturatzerako, Muriren gainera bota eta zilipurdika erori dira biak eszenatokitik. Murik oihu egiten dizu lurretik.

Sakatu botoi gorria!

Terminalari begiratzen diozu eta erdian botoi gorri handi bat ikusten duzu. Arnasa sakon hartu eta sakatu egiten duzu. Zarata ikaragarri bat entzuten duzu eta atzera kontu bat hasten da. 

5… 4… 3… 2… 1… 0.

Orduan, isiltasuna. Jarraian, eztanda. Sekula izan den handiena.