Ordubetean etxebizitza familiabakar batean sartzen zarete. Lorategi zaindu bat eta pergola zatar bat ditu, harrizko mahai bati itzala ematen diona. Mahaian bost emakume daude. Espero bezala, bost familia horietako emakumeak eta gizonak talde ezberdinetan daude. Gizonek urrutitik agurtzen zaituztete, baina harrera emakumeek egiteko zain geratzen dira.
Montalvo anderea bere lagun taldea aurkezteko altxatu da. Atseginak dirudite eta giroak duen klasismo nabarmena sumatu arren, benetan eroso sentitzen zarete.
—Neskak, bizilagun berriak gonbidatu ditut meriendatzera. Badakizue moderna hutsa naizela eta belaunaldi berriekin ere egotea gustatzen zaidala —dio denek euren adinarekin duten konplexu nabarmena ziurtatuz.
Hamar minutu eskasean, dozenaka galdera botatzen dizkizuete bata bestearen atzetik, zuen CQIan eragina izan duten merituen erradiografia irudikatzeko asmoz.
—Arraroa dena da ez zaituztetela alkate hautatu… Ez esan ez duzuela tranpatxo txikiren bat edo beste egin, ezinezkoa da hain perfektuak izatea! —dio denetan burutsuenak txantxetan.