Ez dago informazio askorik sarean, baina irakurri duzunak kuriositatea piztu dizu. Zure errealitatea auzitan jartzen ari zara, eta aste osoa eman duzu zalantzetan murgilduta.
Zerbaitek krak egin du zure barnean, baina ez dakizu zer den. Zure buruari aitortu diozu beldur zarela zure guraso biologikoei gertatu zitzaiena zuri ere gertatzea: Smart Depression-ak jota bizitzen jarraitu nahi ez izatea. Jakina da depresioa norbaitek bere inguruarekin (pertsona, gizarte, natura, ideia…) dituen loturetan gertatzen den gaitz bat dela. Teknologiak lotura horiek hobetzeko erabiltzen diren ustea dago zabalduta, baina kaltetu ere egiten ditu, oraindik ezagutzen ez ditugun moduetan.
Hari horretatik tiraka zalantzan jartzen hasi zara irakurri dituzun ikerketen baliozkotasuna, zentroan egiten dituzuen tratamenduen oinarriak… dena.
Ostiralean, lantokitik ateratzean lorategia zaintzen duen lorezaina ikusi duzu berriz bugainbilea zoragarria zaintzen. Oraingoan, berak esan dizu: «Etorri, hurbiletik ikusi nahi gizakien kreazio zoragarri hau?».