Burua jaistean, anfiteatroan nagusitzen ari zen marmarrak kontrako ahotsak itzali ditu. Etxe arrastatzearen aldeko erabakia hartu duzue. Ziruk gorrotoz begiratzen zaitu.

Bakoitzari bere bizilekura joateko eskatzen dizue hologramak. Lehendabizi, hilketak argitzen lagunduko duen galdetegi bat erantzun beharko duzue, eta amaitzean, kolonia berriaren norabidea zehazten lagunduko duen beste bat. 

Eserlekutik altxatzean, pasilloan gora igarotzen da korrika bagoitik ateratzean jo zintuen pertsona berbera. Muri iruditu zaizu lehen kolpean, “Ez da posible”. Oihu egin diozu baina jendartean galdu da. Ezinezkoa dela erabaki eta egokitu zaizun bizilekua zein den begiratzen hasi zara anfiteatro kanpoan agertu den errealitate handituz irudikatutako mapan. “Iupiiii!” entzun duzu zure alboan. Ledi da.

Badirudi erabakitze-unitatea gure familia ere izango dela esaten dizu pozik hemen ere elkarrekin jarri gaituzte! Bura eta Ziru iristen dira mapa parera. Badirudi elkar ezagutzen jarraitzeko beta izango duzuela.

Etxera iristean, kolonia berriaren norabidea zehazteko galdetegi bat bete behar duzuela jakinarazten zaizue. Ezer baino lehenago, ordea, ikerketari dagozkion galdera batzuk erantzun beharko dituzue. Bakoitza bere gelan sartu eta galdetegia erantzuteari ekiten diozue.