Ahoan irribarre babu bat duzula Zirurengana abiatzean, ia aurretik eramaten zaituzte bat-batean atzetik aurrera igaro zaituzten Bura eta Ledik. Talde osoari ari zen Ziru keinuak egiten, ez zuri bakarrik, “Ze lotsa, mesedez…”. Azkena iristen zara eta pasilloa egokitu zaizu, Ledi duzu alboan.
Anfiteatroaren erdian Hiri Bakarra AAren holograma agertzen da. Irudi geometrikoz osatutako laino modukoak ongietorria ematen dizue, jarraian, kolonia berria nolakoa den azaltzen duen bideo bat erakusteko. Bideoari arreta eskaintzen badiozu ere, inguruan duzun jendeari ere begiratzen diozu tarteka. Une historiko bat bizitzen ari zaretenaren kontzientzia hartzen duzu, eta ingurukoak ere, zu bezain hunkituta daudela konturatzen zara. Aurpegi guztietan nabaritzen duzu zirrara berezi bat.
—Lehen milakoa zarete, aukeratuak! —esan du Hiri Bakarra AAk handitasunez— Hemendik aurrera, zuek erabaki beharko duzue nola antolatu. Zuen esku dago mundu berria! Zer eta nolakoa izan behar duen. Hiri Bakarra, estuasun eta larrialdi garai batean gizateria gidatzeko misioa zuen tresna besterik ez da. Iritsi da, gizakia bere bidearen jabe izatera itzultzeko ordua. Hurrengo hilabeteetan, esplorazio eta ustiatze lanak hasten dituzuen bitartean, gizateria antolatzeko sistemarik egokiena erabaki beharko duzue.
Azalpenak amaitzean, azken uneko ohartarazpen bat jasotzen duzue belarritakotik. Bi pertsona erail dituzte bagoietako batean. Errudun edo errudunak topatu behar dituzte. Hori dela eta, jakinarazten zaizue ez duzuela mugimendu askatasunik izango guztia argitu arte. Lanen abiatzea eta antolaketa berria eperik gabe atzeratzen dira. Bakoitza bere gelan egon beharko da ikerlariek lana amaitu arte.
Marmar handi bat entzuten da anfiteatroan. Erabakia zalantzan jartzen duten ahotsak entzuten dituzu. Beste batzuek, aldiz, isildu eta neurria onartzeko eskatzen dute. Halako batean, Ziruk hartzen du hitza ahots ozenez.
—Ez da bidezkoa!— Anfiteatro osoaren arreta eskuratu du— Ez dago halako neurririk hartzeko arrazoirik. Modu kolektiboan zaindu behar dugu elkar, horrek izan behar du bidea. Ezin dugu lehen egunetik beldurrak gidatu gaitzan utzi, gizateriaren etorkizuna dago jokoan! Zein da halako zerbait erabakitzeko irizpidea? Ba al da askatasuna baino garrantzitsuagorik? —“Gure bizitza!”, oihukatzen du norbaitek lehen lerroetatik.— Eta zer balio dute gure bizitzek gureak ez badira? —erantzuten dio Ziruk— Zein aurrekari ezarriko genuke kolonia berriaren lehen egunean? Gure lana kolonia berria martxan jartzea da, eta neurri honek prozesu guztia atzeratuko luke. Garrantzitsuena taldeak izan behar du, eta taldeak berak topatuko ditu errudunak gizarte berria martxan jartzen duen bitartean —onarpen marmar jendetsu batek hartzen du anfiteatroa— Nor dago nirekin? —Galdetzen du Ziruk motibazioz lepo eta oihuka—.
Jendea ez da erantzutera ausartzen. Laguntza eske begiratzen zaitu Ziruk.