Zuk hitz egin bezain pronto, Ledik eskua altxatzen du bera ere alde dagoela esateko. Burari irribarre gaizto batek alde egiten dio Ziru begiratzen duen artean. Ziruk huts egin diozula jakinarazten dizu begiradarekin. Labana bat izango balitz moduan zauritu zaitu begiradak.
—Eta zerk egiten du zure ustez norbait egoki lider izateko? —galdetzen dio Ziruk erretxin—.
Burak gustu handiz erantzuten dio galderari.
—Ba hasteko, prestakuntzak. Nire kasuan, adibidez, txikitatik izan dut harremana organo erabakitzaileekin. Ondo ezagutzen ditut gobernantzaren zirrikituak eta badut boterearekiko ardura oinordetu moduko bat.
—Txikitatik? —galdetzen dio Ziruk trufaka— haurtzaindegian gelako ordezkari zinen dagoeneko?
—Ez, baina nire aita Hiri Bakarra AAren eskuetako bat da eta oso gertutik bizi izan dut beti boterea.
Zur eta lur geratu zara. Hiri Bakarra AAren eskuetako baten semearen aurrean eserita zaude, “Ni baino ehun bat maila gorago biziko da Hiri Bakarrean… Gutxienez!”. Goiko auzoen inguruko bitxikeriak galdetzen hasteko gogoa pizten zaizu, baina Itzulera Handian guztiak berdinak zaretela frogatu berri izanak, harroegi sentiarazi zaitu horretara makurtzeko.
—Lider bat aukeratu beharko balitz —jarraitzen du Ziruk— pertsonen balio eta kalitate moralean oinarritu beharko litzateke, eta ez bakoitzaren gurasoen kokapen sozialak eskainitako abantailetan. Eta nola ez, lidertza hori, herritarren borondateak baldintzatu beharko luke, beti. Guztiak eta guztien sentsibilitateak errespetatu behar dira, eta pluraltasun hori kolektiboak bakarrik bermatu dezake. —Liluratuta utzi zaitu Ziruk, “Zeinen ongi hitz egiten duen”—.
Trena gelditzen hasi den arren, Burak ez du horrela utzi nahi eztabaida.
—Hiri Bakarrean makina bakarrak agintzen du, eta oso ondo joan zaigu! —erantzuten dio harrotuta—.
—Ondo joan zaigu bai, hain zuzen ere, makina horrek guztion nahiak eta beharrak kontuan izan dituelako.
Trena erabat geratu eta bagoiko atea zabaltzen da.