HERRITAR EGIAZTATUA

Zure karrera politikoa amaitu egin da. Ez dago berrautaketarik aspaldidanik. Lau urte neketsuen ondoren, alkatetza utzi duzu eta algoritmoak beste pertsona bat hautatuko du aurki.

Gauzak aldatzen saiatu zara, baina, egiaz, ez dakizu zenbateraino izan zaren eraginkorra zure eginkizunean. Erregimen teknokratikoak politikatik urruntzea eskatzen du eta ezin izango duzu hasitako gauzetan lanean jarraitu. Hau etsigarria da benetan, epe luzeko ikuspegia eskatzen duten eraldaketak baitaude, ezta? Orain zaila izango da, baina zure bizitza berrira, edo lehengo bizitzara, itzuli beharko zara. Herritar Egiaztatu bezala, pentsatzeko denbora bat izango duzu. Jendearen begiradak ez jasotzera ohituko zara, zure bizitza ez da hain zirraragarria izango hemendik aurrera, baina badakizu bake berri hau beharrezkoa dela baita ere.