—Ixo, Missy! Astuna jartzen zara gero… —dio hirurogeitaka urteko andre batek zure zapatila zaharretan kontrolik gabe dabilen yorkshire txakur bati eutsiz—. Barkaiozue, zoro bezala jartzen da ezagutzen ez duen pertsonekin.
—Berriak zarete hemen, ezta? Ez zaituztet inoiz ikusi urbanizazioan —dio harriduraz bere eskuineko eskua begirunerik gabe nire eskumuturreko “iD”-tik igarotzen duen bitartean, gure kontaktuak elkarbanatuz horrela—. Urte askotarako! Ezta, Missy?… Aizu, tira, ez zaitez txakurtxo lotsagabea izan eta eman ongi etorria bizilagun berriei —espresiorik gabe egiten du barre masailalboetako betegarria tenkatzen duen bitartean.
—Eskerrik asko… Montalvo?… anderea —diozu zure iD eskumuturrekoa berrikusten—. Plazer bat. Egia esan iritsi berriak gara. Geure buruak kokatzen gabiltza oraindik, eta urbanizazioaren lasaitasuna disfrutatzen. Aspalditik ari ginen horrelako leku esklusibo eta lasai baten bila.
—Esklusiboa… Jajaja… Ze jatorrak. Aizue, noren senideak zarete, laztanak? Nire iD-ak ez du elkarren arteko harremanik detektatzen. Oso arraroa da, ezta? Ricardok, nire senarrak, lagunak ditu infernuan ere, jajaja —tematzen da zuen intrusismoa susmatzen.
—Ba bai… Baina oso urrutitik gatoz, andrea —disimulatzen duzu berak buruarekin baietz egiten duen bitartean, begirik kendu gabe.
—Oh, noski! A ze begirune eskasa nirea. Ricki esango diot merienda bat antolatzeko, ongi etorria emateko. “Urban” denok ezagutzen dugu elkar, familia handi bat gara. Zer moduz datorkizue datorren ostegunean?