Tira, Rick. Ematen du ezezagunei aholkuak emateko zaletasuna duzuela —erantzun diozu beldurrik gabe—. Ez dizut esan, baina etxe zoragarria duzu… Egia esan, nik ere galdetzen diot neure buruari beti nola iritsi ote zareten zuek hau dena edukitzera… Bitxia, ezta? Nire aitak, tipo xumea bera, esaten zidan inor ez dela lan egiten aberasten. Zer uste duzu zuk? Ziur zure lagun Emilio epaileak arrazoia emango liokeela. Jakintsuak dira aitak, ezta? —hausnartzen duzu bere masailezurreko muskuluak uzkurtzen eta bere begirada nahasia behatzen dituzun bitartean.

Izan ere, Rick, orain gogoratzen ari naiz, sekulakoa izan zen zure bizitza nola aldatu zen Grijalbo hegoaldeko lur babestuen birkalifikatzearekin. A ze pelotazoa zuena… Egin dezagun topa!

… Zer nahi duzu?

Uste dut argi eta garbi hitz egin dudala, Rick. Bost axola niri zuen esnob-kluba, baina zer egingo diogu, orain bizilagun bezala naukazue, eta nire CQI altuak zuen diru nazkagarriak lortu ezin dituen gauzak ahalbidetzen dizkit, hala nola, zuen sekretutxoak ezagutzea. Ez duzu irtenbiderik, merienda ondo bukatzea nahi baduzu, ahoa itxita mantendu eta anfitrioi ona izan zaitez.