Astelehenean lanera bidean apur bat zapuztuta sentitzen zara Rioren kontuarengatik. Haserrea sentitzen duzu zure barnean hazten, ergel hutsa sentitzen zara. Baina ez duzu bide hori hartu nahi. Listo, gertatutakoa gertatu da, onartu eta aurrera.

Ia pentsatu gabe zure gailu adimendua atera eta LoveOne ireki duzu. Ez duzu nahi aplikazioak aukeraketa egiterik, itsasoan sartu nahi duzu eta profil guztien artean nabigatu, izurde, marrazo eta koralen artean. LoveOne-ek “vintage mode” deitzen dio erabilera modu honi, 2020 inguruan horrela erabiltzen baitziren ligatzeko aplikazioak.

Hasieran kontu handiz irakurtzen dituzu profilak, eta ziur zaudenean bakarrik egiten duzu swipe eskuinerantz. Lehenengo match-ak zirraratxoa sortzen dizu. 

Aste horretan guztian laneguna noiz bukatu zain zaude egunero, aerotrenean igo eta LoveOne berriz irekitzeko irrikaz, ea match berririk duzun. Jada ez dituzu profilak hainbeste begiratzen, intuizioz funtzionatzen duzu, hau bai, hau ez, hau ez, hau bai. Zure match batzuekin txateatzen duzu, batzuekin aurrez aurre geratzeko aukera elikatzen duzu, baina ilusio gehien egiten dizuna match berriak pilatzea da. Ikusia sentitzen zara, desiratua, nolabait beneratua. Ze ederra den sentsazio hori.

Zure irrika bizia areagotuz doa, profil oso top batzuekin match egitea lortu duzu eta eurekin txateatzen igarotzen duzu eguna, swipe egiten jarraitzen duzun bitartean. Egun batean lanera ez joatea erabakitzen duzu, harreman hauek arreta eta dedikazioa eskatzen baitute, eta ez zara inoiz falta izan lanera, ez da ezer gertatzen. Gaixo zaudela esan diezu.