Tripen hotsengatik dakizu goseak amorratzen zaudela. Ostirala da, ia bazkalordua, eta lan astea bukatzear zaude.

Orain dela bi urte hasi zinen Errehabilitazio Digitaleko Zentroan terapeuta laguntzaile bezala lanean, Gizakien eta Adimen Artifizialen Psikologian espezializazio ikasketak bukatu bitartean. Gustuko duzu lana, terapeuta izan nahi duzu espezializazioa bukatu bezain laster. Aurrez aurreko harremanak gustatzen zaizkizu, laguntzaile bezala oraindik pazienteekin kontaktu gutxi duzun arren. 

Hiritik kanpo dago zentroa, aerotrenez ordu betera, haran berde, heze, eder baten erdian. Bidaia aprobetxatzen duzu zure Adimen Artifizialaren laguntzarekin eguneratzeko, mezuak, sare sozialak, berriak… zentroan zauden bitartean ezin baituzu teknologiarik erabili. 

Bukatu da zure laneguna, pozik zaude, asteburua aprobetxatzeko gogoz. Zentrotik ateratzean lorategia zaintzen duen lorezaina ikusten duzu bugainbilea zoragarri bat artatzen. «Ze polita» esaten diozu. Irribarre batekin erantzuten dizu. Aerotrena hartu duzu, leiho ondoko eserlekuan jarri zara. Zure gailu adimendua atera eta berriz konektatu duzu. Jakinarazpen ezberdinen artean, LoveOne aplikazioarenak ematen dizu begira: inguruko pertsona baten mezu-eskaera bat iritsi zaizu.