Jakin-minak eraman zaitu albisteari zooma egitera eta minutu batzuez hezurretan duzun nekea kentzera. Zerbaitek esaten dizu ez dela albistez maskaratutako propaganda horietako bat izango, eta zeure buruari hitza ematen diozu klipa ikusi eta lotara joango zarela gehiago entretenitu gabe.

Hasieran nekeak ez dizu uzten egongelako hologramek adierazten dutenari zure arretaren %100 ematen. Orduan, argazki bat irekitzen da zure aurrean, berehala ezagutzen duzun argazki bat. Nekea desagertu egiten da eta zure zentzumenak aktibatu egiten dira. Hatza oso azkar mugitzen duzu bolumena igotzeko, argazkiari begia kendu ezinik.

Zure egongelan, ile lisodun mutil beltzaran batek irribarre egiten dizu arduragabe. Berehala ezagutzen duzu azken sei hilabeteetan hainbestetan ikusi duzun argazkia: Rio da, LoveOne ligatzeko aplikazioan ezagutu duzun azken crusha, duela 3 aste inguru orain zure pisua eusten duen sofa horretan bertan pizza jaten zebilen bera.

Albistean beste izen batekin hitz egiten dute berari buruz: Ros Martín. Horregatik, pentsatzen duzu, ezaguna egin zaizu entzutean… Zure atzamarra mugitzen duzu berriro, oraingoan ezkerretik eskuinera, albistea segundo batzuez atzera botatzeko. Ez duzu ezer galdu nahi…

Harri eta zur entzuten duzu albistea. Rio identitate digitalekin trafikatzen duen mafia baten parte gisa aipatzen dute. Edonoren datuak eskura ditzakeen pirata-negozio baten aurpegia besterik ez da. Berriak dioenez, profilak osatzeko behar diren azken hari-muturrak lotzeko erabiltzen du aplikazioa Riok. “Joder… Nire profila saltzeko ari al da osatzen? Zer informazio izan dezake nitaz? Zenbat informazio lor dezake? Arriskuan nago? Zer egin behar dut?”.