Hirugarren hitza entzun baino lehen ezagutzen duzu bere ahotsa. Ez zenuen inoiz aurpegi hori ikusi, baina, zalantzarik gabe, ahots hori ezagutzen duzu: Hestia da. Sartzen uzten diozu, ezin diozu ezetz esan hain ezaguna egiten zaizun arima bati.

Handik bost minutura, bere aurrean eserita zaude. Ezin izan diozu kafea eskaini, ez baitakizu nola egin etxea piztuta egon gabe, baina ez omen zaio axola. Ez duzu hitzik esan sartu denetik, baietz esan eta bere mugimenduak aztertu besterik ez duzu egin. Jakin nahi duzu ea Hestiaren barnean dagoen arima gizatiarra den benetan edo, aldiz, aurrean daukazuna Hestiarekin ahots-erregistroa kasualitatez partekatzen duen humanoide bat den.

Isiltasuna hausten du berak eta bere identitateari buruzko zure zalantzak argitzen dituen galdera bat botatzen dizu…

   —Zergatik itzali nauzu?