Ziur zaude oraintxe bertan zure parean eserita dagoen pertsonarekin ez duzula inoiz kointziditu. Ezin izan diozu kafea eskaini, ez baitakizu nola egin etxea piztuta egon gabe, baina ez omen zaio axola. Lasai begiratzen dizu. Ez dakizu zergatik, baina ez duzu ezagutzeko beharrik berarekin fidatu ahal izateko. Eroso sentitzen zara bere konpainian. Zure pentsamenduetan galduta, harritu egiten zara lehen hitzak botatzen dituenean azkenean.

   —Eskerrik asko sartzen uzteagatik, pentsatzen dut nahasi samar zaudela. Gaur egun inor ez da beste norbaitekin hitz egiteko esertzen Adimendun Behatxuloen segurtasun iragazkietatik igaro ez bada aurretik. Ausarta zara…

Bat-batean konturatu zara egin duzun arduragabekeriarekin. Ez dakizu EZER pertsona honetaz.

   —Aspalditik nahi genuen zurekin hitz egin. Azken hilabetean etxea 3 aldiz itzali duzula antzeman dugu.

—“Nahi genuen”? —galdetzen duzu harritua.

   —Bai, begira, azalduko dizut nor naizen. Nick da nire izena eta, beste asko bezala, sistema teknologiko masiboetatik kanpo bizi naiz. Komunitate bezala egiten dugu lan gure online espazio propioak sortzeko, korporazio handien etengabeko jarraipenaren mende jarri gabe. Axola dizu galdera batzuk egiten badizkizut? Gustatuko litzaidake ulertzea zergatik itzali duzun etxea geroz eta sarriago.