Etxean zaude, benetan zaila da jakitea zein kontinentetan zauden, ze urte den ere ez dakizu, baina badakizu zeure etxea dela. Zure gauzak ezagutzen dituzu inguruan, usain bereizgarri hori, argia eta beroa. Aparatu bat piztuta dago: zure adimen artifiziala da eguneko albisteak kontatzen.

Entzumena zorrozten duzu, eta testuingurua identifikatzea kostatzen bazaizu ere, ulertzen duzu Segurtasun Algoritmikoko Sailak ligatzeko aplikazio ezagunenetako batean hauteman duen arrisku berri bati buruz hitz egiten ari dela. Zure egongela hartu duen holograma alfonbran mugitzen diren pertsonetan gorpuzten da. Horietako batek dardarka hitz egiten du LoveOne ligatzeko aplikazioan izan duen esperientziaz. Bere gorputza kontrolik gabe dagoela antzematen duzu, minutu gutxi horietan hitzek esan dezaketena baino gehiago adierazi nahian bezala.

Gorputzean pilatutako egunaren nekea nabaritzen duzu, lehenengo aldiz aurrea hartu diozu gorputz-nekearen jakinarazpenari, gogoan gordetzen duzu zentzumenen garaipen txiki hau.

Hologramari zeharka begiratzen diozu ia nahi gabe. Ez dakizu zehatz-mehatz zertaz ari den, baina badakizu zure etxeak aukeratu duela albiste hori zuretzat bereziki, zuk ere behin baino gehiagotan erabili duzulako app-a. Ezaguna egiten zaizun izen bat entzuten duzu, baina ezin duzu identifikatu zergatik.

Burua nekatuta eta jakin-minez beteta daukazu…